XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IKURRIÑA. Euskal-Herriaren marka eta seinalea

XIX. mende hondarrean, Sabino Arana Goirik, abertzaletasunaren aitak asmatu zuen ikurriña.

Bilbo-ko Euskaldun Batzokian, 1894eko uztailaren 14ean (bai) altxatu zen lehen ikurriña, baina laster, batzokia hetsaraztearekin espainol justiziak bahitu ere zuen delako ikurriña.

Bizkaia-rentzat asmatu baitzen behin, eskualde horren koloreak hartu zituen: kurutze xuriak adiarazten zuen Sabinoren arabera, gure Lege zaharren kristau itxura, bai eta ere lehengo euskaldunek iguzkia baitan zuten sinestea.

Zeiharkako kurutze ferdeak ferdea da eta Gernikako arbola gogoratzen digu 870eko hazaroaren 30ean, San Andres egunean, Bizkaitarrek beren jabetasuna zaindu zutela, garaipen aipagarri bat irabaziz, omen.

Gorriak gibeletik adierazi behar zuen, asmatzailearen ustetan, odolaren eskaintza.

Ikuspegi horiek gaurregun eztabaidagarri dira menturaz, bainan oroitu behar da noiz agertu ziren eta herri menperatu baten adierazgarri den euskal ikurriñari zahar kutsua kausitzen badiote frantses amorratu batzuek, ez lukete jaun horiek ahantzi behar zer menskeriak atera diren ordu haietan, herri zapaltzaile baten itxura zeraman hiru koloretako bandera frantsesaren itzalean.

Dena den, beretu zuten laster beste euskal herriek.

Bizkaiko ikurriña eta euskal nazioaren adierazgarri bilakatu zen.

Primo de Rivera jeneralaren Diktatura pean (1923-1929) debekatua izan zen gure ikurriña, bainan euskaldunek noiznahi ta nonnahi agertzen zuten, beren atxikimenduaren seinale.

1932ko lehen Aberri Egun ospetsuan, Bilbon, ehunka atera ziren ikurriñak.

1936eko urriaren 19an eusko jaurlaritzak Euskadiko ikurriña legeztatu zuen.

1937an Franco-ren lehen erabakietarik bat izan zen ikurriñaren debekatzea: ez zen haizu ez agertzea ez ukaitea ere ikurriñarik.

Eta 40 urtez, Franco-ren denboran, zenbat euskaldunek ez dute bizia arriskatu ikurriñaren agertzeko bazter guzietan eliza dorretan, mendi gailurretan, plazetan, pilare puntetan euskaldunen gogortasunaren lekuko.

1977an, azkenean, herriaren indarrez, ikurriña berriz haizu utzi zen.

Iparraldean 1910an hasi zen ikurriña hedatzen eta 1925ean Euskalzaleen Biltzarrak bere egin zuen.

Laster ordea bere adierazpen politikoa galdu zuen.

Askotan helburu folklorikoekin eta berdin turistikoekin ere erabilia izan genuen.

Bainan abertzale mugimenduak emaiten dio bere hastapeneko adierazpena, hots bere eskubide guzietan ukatua den herri baten itxura.

Aurten hain zuzen, Aberri Egunkari, ikurriñaren hastapeneko mezua nahi dugu oroiterazi eta gure herri eskubideak eskuratzeko xede bakarra adierazi.

Gure eguneroko guduan biziaraz dezagun gure IKURRINA eta ez utz beste edozoin xedetan baliatzera.

Ikurriña batzordea.